ONO M&G Tressis, Dorsia Sailing Team eta NJ garaile izan dira Hondarribian jokatutako Espainiako J80 txapelketan

 

  • 27 ontzik hartu dute parte lehiaketan, eta eguraldi bihurriak emozioz beteriko finalaz gozatzeko aukera eman zuen atzo.

 

  • COVID-19ak kirol arloan ere eragina izan duen arren, antolakuntza pozik agertu da parte-hartze maila altuagatik eta tripulazioen kiroltasunagatik.

 

Asteburu honetan Hondarribiko uretan jokatu den Espainiako J80 txapelketaren garaile izan dira ONO M&G Tressis (kategoria absolutuan), Dorsia Sailing Team (emakumezkoen kategorian), eta NJ (gazteen kategorian). Eguraldi bihurriak emozioz beteriko finalaz gozatzeko aukera eman zuen atzo.

 

COVID-19ak kirol arloan ere eragina izan duen arren, antolakuntza pozik agertu da parte-hartze maila altuagatik, sortutako giro onagatik eta tripulazioen kiroltasunagatik. Guztira, Galiziako, Kantabriako, Kataluniako, Balear Irletako eta Euskadiko 27 ontzik esku hartu dute txapelketan.

 

Ostiraleko eta larunbateko jardunaldiak bereziki zailak izan ziren, hego haizearen eraginez, eta Estropadaren Batzordeak, epaileekin eta ur antolakuntzaren batera, gogor lan egin behar izan zuen egun bakoitzean bi proba burutu ahal izateko. Azken hiru probak atzo izan ziren, igandean, eta mendebaldeko haizeak estropada egiteko baldintza hobeak bermatu zituen.

 

Antolatutako bederatzi probetatik zazpi egin ahal izan ziren, eta azken unera arte mantendu zen tentsioa, ONO M&G Tressis itsasontzia gailendu arte. Santanderreko itsas klub errealeko ontzirekin lehiatu ziren Alfredo Gonzalez, Daniel de la Pedraja, Alberto Padrón, Ion Larrazabal eta Joaquin Cabero. Kategoria absolutuko bigarren postua, berriz, Fredo la Estrella del Norteren tripulazioak eskuratu zuen; eta Enbata 80 geratu zen hirugarren.

 

Emakumezkoen kategoriako lehen saria Club Nàutic El Masnou-eko Dorsia Sailing Team ontziak lortu zuen Natalia Diaz Dufresne, Ana Pujol, Nuria Sanchez Massana, Susan Romero eta Clara Llabres estropadalarien eskutik. Eta haien atzetik iritsi ziren Decoexa eta, hirugarren postuan, Fingolfin Women Team.

 

Azkenik, gazteen kategorian, Hondarribiko Klub Nautikoko NJ izan zen garaile, Ion Almandozek, Javier Amondarainek, Matxin Jimenezek, Pablo Reyk eta Eneka Juanenak tripulatua. Bigarren postua, aldiz, José Luis de Ugarte bela eskolarentzat izan zen.

 

Lehiaketa Hondarribiko Klub Nautikoak antolatu du, RFEVren (Espainiako Bela Federazioa) ordezkari gisa, Euskadiko eta Gipuzkoako federazioen, Euskadiko Kirol Portuak-en, Espainiako J80 Jabeen Elkartearen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Hondarribiko Udalaren laguntzarekin.

 

COVID-19aren aurkako segurtasun-protokoloak ezartzeak antolakuntza nabarmen zaildu duela jakinarazi dute antolatzaileek, eta eskerrak eman nahi izan dizkiete parte-hartzaileei eta lurrean nahiz uretan aritu diren boluntario guztiei, txapelketa aurrera eramateko eskainitako laguntza handiagatik.

Comparte este artículo